





Kortariko Borda betidanik egon da abeltzaintzari lotuta, txerri, ardi eta behiekin egin baita lana urtez-urte, belaunaldiz-belaunaldi.
Azken hamarkadetan gure ardi eta behien esnea jetzi eta esne-zentralei saltzen aritu gara, baina 2014an gazta mundura salto egitea erabaki genuen, gu geu izatea gure esnea transformatu eta kalitatezko produktu, gazta, bilakatzen duena.
Horretarako, lehenago, Julen Gomiztegiko Artzai Eskolan egon zen ikasten, sektorearen nondik norakoak, gazta egiteko prozesua, ardi ustiaketa moduak, gaztategi baten martxa, etab. Ez zen batere erabaki erreza izan, inbertsio handiak, merkatuan gure tokia bilatzea… baina poliki-poliki, urteak pasa ahala, gure tokitxoa bilatu dugu eta lehenbiziko eguneko ilusio berarekin segitzen dugu lanean.
Gaur egun, gure ardien esne guztiarekin ardi gazta elaboratzen dugu, Idiazabal jatorri izendapena duen gazta, naturala eta ketua, baita tarteka, ardi gazta urdina ere. Etxeko behien esnearen erdiarekin ere, gazta egiten dugu, gazta samur eta suabea kasu honetan.


















